DEFINITU ZURE CVA

Zure CVa idatzi ez baduzu, atal honetan ‘Europass’ Europako curriculum-ereduan oinarritutako curriculum vitae eredu bat aurkituko duzu. Hala ere, gogoratu agiri hori eredu bat baino ez dela, eta zure trebetasunetara eta aurkeztu nahi duzun eskaintzara egokitu beharko duzula.

Europass CV eredua jaitsi


Presta zaude zure CVa lantzeko?

Jarraian CV erakargarriagoa idazteko eta zugan arreta jartzea lortzeko aholkuen dekalogoa duzu:

  1. Eman ezagutzera zure burua.
    CVa eta agiria zure aurkezpen-gutuna dira enpresaren aitzinean; horrenbestez, edukia (zure merezimendu profesional edo akademikoak) eta agiriaren itxura zaindu behar dituzu.
    Pentsatu arretaz zure historia akademikoan eta lanekoan, eta azpimarratu beste hautagaitzetatik bereizteko aukera ematen dizuten alderdiak.
    Antolatu edukiak ataletan, ordenatu informazioa, zaindu idazkera eta ortografia.
     
  2. Pertsonalizatu zure CVa zure burua aurkeztuko duzun lan-eskaintza bakoitzera.
    Eskaintza zehatz bati erantzun behar badiozu, ez bidali CV estandarrik, horrek nolabaiteko interes eza erakusten baitu.
    Irakurri arretaz lan-eskaintza, eta azpimarratu CVan enpresarentzat nahitaezkoa edo baloragarria izan daitekeena. Adibidez, enpresarentzat euskara-maila ona izatea garrantzitsua bada, idatzi zure datu pertsonaletan zure euskara-maila. Enpresak esperientzia-urte batzuk eskatzen baditu, hasi zure merezimenduak lan-esperientziarekin zerrendatzen.
     
  3. Izan laburra.
    Saia zaitez zure CVa bi orrialdetan laburbiltzen.
     
  4. Adierazi zure datu pertsonalak.
    Hasi zure CVa zure datu pertsonalak gehituz. Gehitu, gutxienez, zure izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa.
    Beste informazio interesgarria zure bizilekua izan daiteke, baita zure adina edo jaiotze-data ere.
     
  5. Adierazi zure datu pertsonaletan interesekoa izan daitekeen bestelako informazioa.
    Lan-eskaintzak hala eskatzen badu, zure hizkuntza-maila, gidabaimena edo titulazio akademikoa sar ditzakezu zure informazio pertsonalari erantsitako eduki gisa.
     
  6. Zer gehituko dut lehenik, prestakuntza akademikoa ala esperientzia pertsonala?
    Beti sortzen da galdera hori curriculuma prestatzen denean. Erantzuna pertsonaren eta lan-eskaintzaren baitan dago.
    Eskaintza batek lan-esperientzia handia eskatzen badu, edo zure indargunea bada hainbat lanetan eginkizun bat edo batzuk betetzen dituzun esperientzia-urteak, aipa ezazu lehenik zure ibilbide profesionala.
    Lan-esperientzia handirik gabeko pertsona bazara, edo zure CVa erakargarria eta distiratsua bada, aipa lehenik zure historia akademikoa.
     
  7. Ez antolatu kronologikoki zure historia; berdin lanekoa zein akademikoa.
    Zure lan-ibilbidea edo ibilbide akademikoa azaltzen duzunean, aipatu aurkeztu behar duzun lan-eskaintzara gehien egokitzen den informazioa.
     
  8. Antolatu lanbide-informazioa edo informazio akademikoa fitxatan.
    Antolatu informazioa zerrenda edo taula gisa, eta atal bakoitzerako, laburbildu eduki osoa fitxa bat balitz bezala, proposatzen dizugun ereduaren antzera.
    Fitxa bakoitzean aipatu beharreko gutxieneko edukia da:
     
    • Lan-esperientziaren titulua edo titulu akademikoa.
    • Enpresa edo ikastetxea.
    • Herria.
    • Aldia (edo iraupen-urteak edo -orduak).
    • Osagarri gisa, lanaren eginkizunak edo egindako ikasketen edukia labur azal ditzakezu.
       
  9. Nola erakutsi nire hizkuntza-gaitasuna?
    Lan-eskaintza guztiek ez dute eskatzen eta baloratzen; hortaz, hizkuntza-maila altua ez baduzu, ez duzu zertan gehitu.
    Zure hizkuntza-maila adierazi nahi baduzu, hoberena titulu akademiko kualifikatua aurkeztea izanen da.
    Hala eta guztiz ere, kualifikazio hori ez baduzu, baina hizkuntzen ezagutza agerian utzi nahi baduzu, zure hizkuntza-maila lau alderditan ebaluatzeko zerrenda edo taula bat eranstea gomendatzen dizugu:
    irakurmena, ahozko ulermena, idazketa eta elkarrizketa. Mailak honako hauek izan daitezke: oinarrizkoa, ertaina (edo aitzinatua), altua (edo oso aitzinatua), ama-hizkuntza.
    Atxikitako CV ereduan begira dezakezu taula.
     
  10. Trebetasun teknikoak, sozialak eta antolakuntzakoak.
    Europako CV ereduan, nahitaezkoak ez diren hiru atal horiek erantsi dira, nahiz eta, eskaintzaren eta betekizunen arabera, interesgarria izan daitekeen horiek sartzea. Adibidez, lan-eskaintza batek informatika-aplikazio jakin batzuk erabiltzea eskatzen duen.
    Nolanahi ere, eta CVari eransten ez badizkiozu ere, trebetasun horiei buruz hausnartzea gomendatzen dizugu. Beharbada, lan-elkarrizketan horiei buruzko galderak egingo dituzte.

 

Nafarroako Gobernua Cederna Garalur Lursarea Mesa del Pirineo